XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Greenpeace Erandioko errausteko planaren aurka dago

Bere lehentasunezko helburua planta geldiaraztea dela esan du

Erredakzioa / Bilbo

GREENPEACE talde ekologista Erandioko (Bizkaia) Sakoni ibarrean hiri hondakin solidoen tratamendurako eraiki nahi dituzten errausteko bi planten aurka agertu zen atzo, errauspena hondakinak tratatzeko metodorik garestiena eta ingurugiroarentzat kaltegarriena delako.

Ingurugiro, gizarte eta ekonomia mailako arrazoiak direla-medio hiri hondakin solidoen errauspenaren aurka daudela adierazi zuen atzo Juan Lopez de Uralde Greenpeaceko kideak.

Metodo honen alternatiba gisa, hondakinak jatorrian banatzea eta ondoren birziklatzea proposatu zuen, ingurugiroari dagokionez eraginkorragoa delako, lanpostuak sortzen dituelako eta, azkenean, merkeagoa delako.

Lopez de Uraldek azpimarkatu zuenez, Madrilen, hondakin tona baten kudeaketarako aurrikusitako kostua 2.000 pezetakoa da banatu eta birziklatzen baldin bada.

Valdemingomezko errausteko planta jarri dutenetik tona bakoitzeko kostua 5.000 pezetakoa da eta honek eragina izango du auzokideen poltsikoetan.

Greenpeaceko kideak salatu zuenez, ez da egia errauspenak zabortegiak ezabatzen dituela.